Ez dira betiko garai onenak!


Hala zioen euskal rock talde ospetsu batek.
Paradoxa dirudien arren, bulegoko ateak itxi behar izan ditugun honetan leiho berri bat irekitzera goaz gure lanaren nortasuna, esentzia eta helburua zein den elkarbanatzeko.
Elena Egiguren eta Leire Inza Tolosa nahiz Tolosaldea mailan Abokatu eta Bitartekari moduan lanean dihardugun bi emakume eta ama ekintzaile gara! Hainbeste amestutako proiektuak itsura hartzen duen heinean indar, kemen eta motibazio gehiago dugu sinesten dugun honetan gure hazia ereiten jarraitzeko.
Urte askoz epaitegietako esperientzia bizi ondoren, bertan harremanen zaintzan hutsune handia zegoela ohartu ginen. Familia arteko gatazkak epai irmo baten ondorioz ixteak beti zekarren familia arteko harreman haustura konponezina. Eta bertan, irabazle edo galtzaile (ongile edo gaizkile) rolen banaketak eragin handia zuela konturatu ginen…
Gure ustez, gatazka askoren erroa komunikatu edo erlazionatzen garen moduan datza. Hau horrela izanik, harreman kolaboratiboak bultzatuz bai guk, bai besteek duten jokabidea ulertzen saiatu, ze beharrek bultzatuta jokatu dugun ulertu, eta egoera hori hezkuntza aukera bilakatzea da gure helburua.
Sarri askotan gatazka zerbait txarra edo ekidin beharreko zerbait bezala ulertu ohi da. Guk gure lanaren bitartez ostera, gatazka baten atzean harremanak hobetzeko dagoen aukeraz baliatu nahi gara.
Eta zorionez, bide honetan gure hazien fruituak jasoz gabiltza. Eskerrik asko denbora guzti honetan gugan konfidatu eta Aholkularitza, Bitartekaritza nahiz Formazio saioen bila gure atea jo duzuten guztioi. Bihotzez eskerrak gure lanak zentzua duela sinistarazi eta txikitasunean handi sentiarazten gaituzuen guztioi!
Hemen gaude eta hemen jarraituko dugu!
Momentu zail hauetan inoiz baina gogotsuago eta ozenago esan genezake; HARREMANAK ZAINTZEKO garaia da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude